XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

55.1. SARRERA

Atal honetan garun-azalak eta-zurtoinak mugimenduen kontrolean duten zeregina aztertuko dugu.

Garuneko bi eremu horiek zerebelo eta gongoil basalekin batera mugimenduen kontrolaz arduratzen dira.

Nahitako edozein mugimendutan garun-azalak parte hartzen du, nahiz eta muskuluen mugimendu bakoitza zuzenean kontrolatu ez.

Muskuluen mugimenduen kontrol zuzena muinak, garun-zurtoinak, gongoil basalek eta zerebeloak egiten dute.

Hala ere, zenbait mugimendu garun-azalaren kontrol zuzenaren menpe daude, hala nola eskuko hatzen zenbait mugimendu.

55.2. GARUN-AZALA ETA BAL PIRAMIDAL EDO KORTIKOESPINALA

55.1. irudian ikus daitekeen bezala, garun-azaleko eremu motorea Rolando-ren artekaren aurrealdean dago eta horren atzealdean, garun-azal sentsoriala.

Garun-azal motorea hiru azpieremutan banaturik dago: garun-azal motore primarioa, eremu premotorea eta eremu motore osagarria.


Motorea
Sentsoriala
Garun-azal motore primarioa
Eremu somatikoa
Eremu premotorea
Eremu motore osagarria
Asoziazio somatikoaren eremua

55.1. irudia. Garun-azaleko eremu funtzionalak (motorea eta sentsorial somatikoa).

55.2.1. GARUN-AZAL MOTORE PRIMARIOA

Eremu hau Brodmann-en sailkapenean 4. eremua da.

Hurrengo irudian gorputzeko eremu muskular desberdinei garun-azal motore primarioan dagozkien eremuak agertzen dira. 55.2. irudiari erreparatuz gero laster konturatuko gara garun-azal motore primarioaren ia erdia eskuaren mugimenduekin eta hitz egiteko beharrezkoak diren muskuluen mugimenduekin erlazionatua dagoela.


Oinaren behatzak
Orkatila
Belauna
Aldaka
Enborra
Sorbalda
Ukalondoa
Eskumuturra
Eskua
Hatz txikia
Hatz nagia
Hatz luzea
Hatz erakuslea
Erpurua
Lepoa
Betartea
Betazala eta begia
Auspegia
Espainak
Bokalizazioa
Mihia
Irensketa
Murtxikapena
Listu-jariatzea

55.2. irudia. Garun-azal motorean muskulu desberdinei dagozkien eremuak.

55.2.2. EREMU PREMOTOREA

Eremu honek garun-azal motore primarioaren gorputz-atalen banaketa berdintsua du.

Eremu horrek Brodmann-en 6. eremu osoa hartzen du ia.

Hor sortzen diren nerbio-kinada gehienak betebehar batzuendako behar diren muskuluen mugimendu-ereduak sortarazten dituzte.

Horren adibidea boligrafoa hartzean eta idazten hasi behar dugunean gure sorbalden kokapen egokirako behar diren mugimenduak dira.

Hori lortzeko eremu premotoreak kinadak garun-azal motore primariora bidaltzen ditu zuzenean edo gongoil basaletatik azal motore primariora.

Beraz, hiru osagai horiek oso garrantzitsuak dira mugimenduen kontrolerako.